Itxialdia hasi zenean, lehen egunetako irudiak hipermerkatuetan sortzen ziren kontsumitzaile ilarak ziren. Ehundaka pertsona distantzia mantentzen zuen karroa betetzeko prest.
Harridura baino, amorrua sentitu nuen, pena apur bat ere. Amorrua, hainbat pertsona behar ez zutena kontsumitzen (edo gutxienez erosten) ari zirelako, eta pena, kontsumo hori nori ematen ari zitzaion ikustean.
Saltzen eta erosten ari ziren milioika kanpoko produktu, beti bezala, baina ilara horien irudia pertsonok indibidualki dugun kontsumoaren gaineko ardura argiago usteko aukera eskaini digu.
Momentu horretan merkatari txikiak, autonomoak eta baserritarrak burura etorri zitzaizkidan, nire aiton amonak ere. Haiek trukea, eta auzokoen ortuetako produktuaz elikatu ziren. Gure adinako askok aldiz, ortuak eskolako txango batetik ezagututako gunea besterik ez da izan, eta zentro erraldoien korridoreak euren etxea baino hobeto ezagutzen dute. Beste hainbat, elikatzeko beste alternatiba bat aukeratzeko eskubidea baliatu dugu.
Alternatiba hori eraikitzeko kontsumo taldeak sortu ziren, elikadura osasuntsuaren gaineko ardura eta bermea emateko, kontsumo gertua ekoizteko, elikaduraren gaineko erabakien jabe izateko, nekazaritza iraunkorra irizpide nagusia izateko eta zer ekoiztu eta zelan banandu erabakitzeko aukera emateko. Baserritarren eta herritarren arteko harremana gertutasunean, konfiantzan eta konpromisoan oinarritutako filosofia dute helburu.
Ekoizpen sistema bat benetako premiak asetu behar ditu, gure lurrak, abereak eta elikagaiak zaindu, eta industrializazioa guzti honen kontrakoa da.
Alternatiba eraikitzeko antolakuntza eta autogestioa behar du, modu autonomoan herriak eta auzoak landu behar dira, aniztasuna eskainiz. Hau eraikitzea posiblea da, politikari estu lotuta dago, baldintza bakarra koadro politikoa aldatzean datza, ahultzen gaituzten kanpoko produktuak sartzeko bideak murriztuz eta bertoko produktuen eskariak indartuz.
Norena da erantzukizuna? Etorkizuna nork marrazten du? Zer exigitzen diogu gure buruari?
Norabidea argi ikusten dut: Nahi badugu eta konpromisoa hartzen badugu, elikadura-subiranotasunak aske egingo gaituen herria izango gara.
Lamia Arcas