Eguenero, gutako edozeinek gogoratu dezakeguna baino askoz lehenagotik, zuzeneko salmenta egiten duten Laudioko baserritarrek euren elikagaiak plazara saltzera jaisten dira. Astero bederatzietatik ordu batetara Elikadura Subiranotasuneko uharte bat sortzen dute herriaren erdigunean bertan. Egia da, jakintsu batek esan zuen bezala, ekoizpen-eredu bakoitzak bere merkaturatze-espazioa garatzen duela, baina kasu honetan esan dezakegu merkaturatze-espazioa ere ekoizpen-eredua definitzen duena dela. Beti sasoiko elikagaiak, ekoizpen konbentzionaleko zati handi bat, baina baita ekoizpen ekologiko eta lokaleko beste zati txiki bat ere, betiere bidezko harremanak, eta beti konfiantza eta gardentasuna kasu gehienetan.
Gune hau, gainera, Udal Hiltegia udalak itxi ondoren, bertako nekazaritza eta abeltzaintza kulturaren aztarna bakanetakoa da gurea bezalako bailara industrializatu batean.
Mahaian ikusten ditugun elikagaien atzean, bizi-istorioak daude, egun batean sistema nagusiari desafio egin zioten pertsonak daude, nola bizi eta zer jan markatu nahi digun sistema horri aurre egin dieten pertsonenak; kontsumoaren atzetik, justizia sozialaren eta elikadura osasuntsuaren balioak daude. Merkatu bat salerosketa-gune bat baino askoz gehiago da.
Hurbileko elikagaiak bidezko prezioan kontsumitzea, ekoizleari hondamen-prezioak ordaintzeko elikatze-katean duten boterea erabiltzen duten bitartekariak saihestuz, pieza garrantzitsua da nekazaritza osasuntsu eta sozialeko proiektuak ixten jarraitzea eragozteko. Elikagai horiek kontsumitzeak larrialdi klimatikoaren egoerari aurre egiten ere laguntzen digu.
Ez da erraza, inork ez zuen esan horrela izango zenik. Nekazaritzako elikagaien eredua aldatzea ez da gaixotzen gaituzten jangaiak eta bizirik mantentzen gaituzten botikak saltzen dizkiguten enpreseen gustokoa. Eta enpresa handi horiek kontrolatzen dituzten erakundeen laguntza badute.
Testuinguru horretan ulertu behar dugu azken urte honetan Laudioko baserritarren merkatuak lizitazio-baldintzetan izandako aldaketa. Osasun-araudiaren interpretazio hiper-zorrotza, elikagai bereizgarri guztiak ezabatu dituena eta baserriren bat zarratzeraino behartu duena. Interpretazio bitxia gainera: batzuei zenbait elikagai saltzeko baimena ematen zaie, eta beste batzuei kondizino berdinetan berriz ukatu.
Hala ere, tokiko nekazaritza eta abeltzaintzak, gu guztion laguntzarekin, aurrera jarraitzen du eta jarraituko du. Ildo horretan, dagoeneko baserri bat baino gehiago ari dira antolatzen merkatuen ordutegi mugatua gainditzeko, etxez etxeko banaketaren bidez, edota beste salmenta-kanal batzuen bidez (online salmenta, esaterako), non banaketa handiari laguntzeko pentsatutako xedapen instituzionalek eraginik ez duten.
Merkatu ibiltariei buruzko udal-araudiak egiteak udalak merkatarientzat pentsatutako araudi bat aplikatzeko aukeran jartzen ditu, nekazarien merkatuak ezinezko bihurtuko lituzkeena edo, aitzitik, nekazarien merkatuen espazioa babestuko lukeena. Hau ez da Laudion egin, non badirudi apustua merkatuaren heriotza motela dela.
Baina ez zen saihestezina, Valentziako Generalitateak, merkatarien merkatuak arautzean, xedapen gehigarri bat eskaintzen die elikagai-produktuen zuzeneko salmentako merkatuei, eta, dituzten ezaugarri bereziak direla eta, proposatzen du horiek baimentzeko, eskuratzeko eta funtzionatzeko prozesua, bai eta horiek ikuskatu eta kontrolatzeko prozesua ere, nekazaritzan eskumenak dituen zinegotzigoaren ardura izatea.
Palmako Mercat Ecològic bere funtzionamendua harmonizatzeko beharretik sortutako oinarriak landu ditu, eta «inplikatutako alderdi guztiek adostu dituzte». Horietan Merkatu Ekologikoaren Batzordea ezarri da.
Laudiok aukera hori izan du, Eskualdeko Elikadura Kontseilua martxan egon zen bitartean, ekoizpen-sektorearekin adostutako merkatuen araudia garatu zen. Egungo udal-gobernuak ez du kontuan hartu proposamen hori, agian interesagatik, eta hori larria da, edo agian ezjakintasunagatik, are larriagoa dena.
Argi dago hau ez dela egungo udal gobernu taldearen apustua. Zein izango da Laudioko kontsumitzaileena?