Baserrietan oraindik ikas daitezkeen harremanetarako ezinbestekoa diren hainbat gauza daude, batetik natura eta gizakion arteko harremana orekatua dela, bestetik, gure osasunaren oinarria elikaduran dagoela.
Oleta baserrian natura, abere, elikadura, osasuna, iraunkortasuna, eta ingurumenari buruz era praktiko baten ikasteko aukera eskaini nahi izan genien Areta eskolako ikasle eta lagunei.
Gure gonbidatuak etorri behar zuten azaroko egun fresko eta eguzkitsu hartan goiz-goizetik entzuten ziren txorien kantak, txakurren mugimenduren bat eta gure astoa, Pantxo, belarretik emandako pausoren bat akaso, ezer gehiagorik ez. Handik gutxira algarak gero eta argiagoak ziren, Aretarrak baserritik gertu zeuden, eta urduritu ginen bertan geunden izaki eta gizaki guztiok. Egun berezia zen Oleta baserrian.
Gaur egun jasaten ari garen osasun larrialdi egoera exijitzen digun lehenego azalpenak emateko, talde txikitan banatu eta ekintza ezberdinak egitera abiatu ginen.
Batzuk ikusi ez zuten ingurumenean egoteko aukeraz gozatu zuten, haietako beste askok inoiz jango ez zuten barazkia landatu ondoren, harrituta geratu ziren etxera eramateko hanbesteko denbora itxaron beharko zutela jakin zutenean, eta orokorrean guztiak baserriko txitekin maiteminduta joan ziren.
Baserrriko inguruan dagoen basoa erakuzteaz gain, zuhaitz anitzen beharraz aritu, agroekologiaren prozesu ezberdinak ikasi, abere eta elikagaien gainean denboren garrantzia eta klimaren ondoriak aztertu, birziklapena eta berrerabilpenaz hainbat zalantza argitu, eta azkenik, bertoko elikagaiak kontsumitzea baserriaren iraunkortasunerako duen garrantzia azaldu genuen.
Harrigarria da haurrak natura ulertu eta onartzeko duten gaitasuna, errespetatzen dituzte basoaren arauak heldu batek ezer gutxi esan barik, landatutako barazkien eremuak zaindu eta elkarlan-giza-kate-babesle bihurtzen dira nahigabe. Jakin badakite izaki bizidunez inguratuta gaudela eta gizakiok ama lurraren babesle (izan behar) garela.
Goiza bukatu orduko oroitzapen goxoa eraman zezatela ziurtatzeko, eskolara bi zuhaizka eramateaz gain ikasle bakoitzarentzat kalabaza hazi-bonba bana eraman zuten. Gehienok bota nahi izan ez zutena! (hau jabego pribatua eta publikoaren beste azterketa baterako emango digu)
Urduri hasi ginen eguna zapore ezinhobeaz amaitu genuela harro esan dezakegu, eta…hala bazan ala ez bazan Areta herri txikian berrogei bat kalabaza agertuko dira hurrengo hilabeteetan!
*Horrelako ekintzak auzokideei esker martxan jartzen direla ez genuke ahaztuta utzi nahi, izan ere Administrazioa kultura eta ohituren zaintza gutxi batzuen esku uzten ari den garai honetan, gero eta zailago jartzen digu herri ekimenak aurrera ateratzea.
Berme guztiekin inoiz baino gertuago sentitu nahi zaituztegu, auzolanean, elkarlanean, zaintzan.