• Artikulu honek udalgintza eraldatzailearen adibide praktiko bat azaltzen du: Urduñan elikadura burujabetza ardatz hartuta azken urteetan garatu duten proiektua. 

 

  • Artikulua ARGIA aldizkarian argitaratu da. Egilea ESTITXU EIZAGIRRE(@eeizagirre) da.

 

Urduñako agroekologia trantsizioaren proiektua 2006an hasi zen, Ekoizpen Urduña zerbitzua martxan jarrita. Udalak eta herriko eragileek egin zuten hausnarketa prozesu baten ondorioz iritsi ziren zerbitzua martxan jartzera: 2000. urtetik herriak krisi egoera bizi zuen eta etorkizunera begirako proiekzioa egiteko beharra sentitu zuten. Hausnarketan erabaki zuten apustua turismoa, komertzio txikia, eta lehenengo sektorearen alde egitea. Lehenengo sektoreak ikusi zuen lurrari lotutako ekoizpenaren alde egin behar zuela eta abeltzaintza ekologikoa izan zitekeela etorkizuneko aukera.

 

Hasieratik agroekologia

Ekoizpen Urduña zerbitzua 2006an martxan jarri zenean elikadura burujabetza finkatu zuen helburu gisa eta lan marko modura agroekologia. Hasierako hiru urteetan lehenengo sektorearekin lanketa egin zuten: “Helburua baserriei bideragarritasun ekonomikoa bilatzea zen. Baserriz baserriko lanketa egin zen, ekoizpen kostuak identifikatzeko. Ondorioa izan zen bi eremutan lan egin behar zela: batetik ekoizpen gastuak murrizten, eta bestetik azken kontsumitzailerainoko bidea lantzen, horrela diru-sarrerak handitzen zirelako. Modu horretan baserritarrek ulertu zuten zer zen agroekologia eta ikusi zuten marko teoriko horrek onurak ekartzen zituela beren baserrirako, eta gainera, etorkizuneko erreleboari begira, etxeko gazteentzat aukerak sortzen zituela”. Pozik dio Marijo Imaz teknikariak denborarekin erreleboa gauzatu dela zenbait baserritan.

Herriko sukaldean bertako jakiak

Hasieran trantsizioaren narratiba asko oinarritu zuten lehen sektorean, ekoizpen ereduan… “Baina udalak ikusi zuen diskurtso hori ez zela herritar guztiengana iristen. Guztiengana iristen zen gai transbertsala elikadura sistema zela ulertu zuen eta 2009an narratiba aldatu zuen, komertzio txikiak eta industria proiektura hurbiltzeko”.

Tokiko kontsumoa sustatzeko ordura arteko urratsak ongi baloratzen zituen udalak: baserritarren merkatua abiatu izana, tokiko komertzioaren eta baserritarren arteko aliantza sortzea, kontsumo taldeak dinamizatu izana… “baina ikusten zen norbanakoen kontsumoan eragitea zaila zela. Orduan, udalak kontsumo kolektiboan jarri zuen fokua: udalak eredu ematea, sentsibilizazio kanpainarik onena baita udalak bertako produktuak kontsumitzea”. Zaharren egoitzako sukaldea aldatu zuten bertatik egoitzari eta ondoan duen eskolari zerbitzua emateko. “Erosketa publikoa egiteko pleguak atera zirenean irizpide agroekologikoak sartu zituen udalak. Ondorioz, aukeratutako banatzaileak hurbileko baserritarrak izan ziren”. Sukaldea kudeatzeko zerbitzua kanpora aterea zegoenez 20 urte lehenagotik, oraingoz ez dute aukerarik bilatu langileak publifikatu edo kooperatibizatzeko, eta proiektuari ekiteko aurkitu zuten irtenbidea kontratua banatzea izan zen: pertsonala alde batetik kontratatzea eta elikagaien erosketa bestetik.

 

 

Marijo Imaz Urduñako udal teknikaria. Argazkia: Mikel Olabide Zuza.

Udalaren konpromisoa eta hurrengo urratsak

Sektoreak bultzatuta, elikadura burujabetzaren aldeko manifestua sinatu zuen udal batzak 2012an. Lan teknikoari babesa emateko garrantzitsua dela dio Imazek: “Helburua da elikadura sistema gai transbertsal bat izatea udalean. Denborarekin lortu da irizpide agroekologikoek beste udal ordenantza batzuetan eragina izatea: batez ere lurzoru publikoen erabileren inguruan”. Urduñak lur komunalak ditu, eta ordenantzen bidez lehentasuna eman diete nekazaritzatik %100 bizi diren baserritarrei, “bestela gazteek ez baitzuten modurik abeltzaintzan hasteko”. 

Abeltzainen elkarteak bultzatu eta udalaren babesa duen hurrengo erronka elikagaiak transformatzeko obradore kolektiboa jartzea da. Proiektu hau haragiaren elaborazioari buruzko formazioa eskaintzen erreferentea izatea nahi dute. Eta 2021. urtean hurrengo 10-15 urteetarako elikadura estrategia berrikusiko dute. Hori ere, orain arteko guztia bezala, prozesu parte-hartzaile bidez.

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información. ACEPTAR

Aviso de cookies